XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondoren kartel bat seinalatu zuen, prezioa gaztelera ulergaitzean esanez.

Ilaran, mutilaren ondotik zetorrena, andre txiki bat, pega-pega zihoakion bizkarrean eta tarteka bultzada ttikiak ere ematen zizkion lotsagabeki.

Kartel hura ikusitakoan deskubritu zuen alferrikako operazioa izan zela txanpon trukatzearena.

Liberatan pagatu zuen, hala ere, bidaiari deserosoak, hitz erdirik ebaki gabe.

Nestor zuen izena eta artean ez zegoen oso konbentziturik bidaia hartan egin behar zuenaz.

Ez zegoen, ez, batere seguru hartutako azken erabakiari buruz.

Frantzia ez zuen ia ezagutzen eta gainera, aurrekoetan ez bezala, oraingoan luzeegia iruditzen zitzaion distantzia joan-etorrian ibiltzeko eta, are larriagoa, seguruena oraingo ahalegin hau ere, aurrekoetan bezala, alferrikakoa izango zen.

Eserleku bat bilatu, berokia erantzi baino lehen behar zituen paperak poltsikoan zeramatzala egiaztatu eta eseri egin zen leihatila ondoan.

Handik, sartzen zihoazen bidaiariak ikustatzen jarri zen autobusaren epeltasun berriaz gozatuz.

Berak ez zuen konpainia handirik behar baina bazekien han ez bazen, Hendaian, Baionan edo beste nonbait astunen bat ondoan jarriko zitzaiola.

Guztira hamar bat lagun igo ziren Behobiakoan, azkena hirurogeita hamar urte inguruko gizon bat.

Nestorren parera ailegatu eta zalantza egin ondoren poltsa goiko apalean utzi eta haren ondoan eseri zen.

Leku librerik egonda, ze ostia eseri behar dik aiton zahar honek nire ondoan?, pentsatu zuen bidaiari gazteak deseroso